GAIKA corpusaren inguruan
GAIKA corpusa termino-bilduma bat da; han jasotako terminoak UPV/EHUko Euskara Zerbitzuaren ardurapean euskaraturiko testuetako glosarioetatik hartuak dira. Testuak unibertsitateko ikasliburuak dira (arlo guztietakoak: giza zientziak, gizarte-zientziak, bizitzaren zientziak, zientzia zehatzak, materiaren zientziak eta teknologia), eta, halaber, LEGEAK-LEYES bilduman baturiko legeak.
Hirurogeita zazpi mila termino eta esapide baino gehiago kontsulta daitezke corpusean (euskarazkoak: 30.100; gaztelaniazkoak: >19.500; ingelesezkoak: >16.600; frantsesezkoak: >1.500); kopuru hori urtez urte handituz doa, glosarioa termino gehiagoz hornitzen baita urte bakoitzean euskaraturiko testuetatik.
Glosarioaren erabiltzaileak, kontsulta egitean, jakin dezake zer ordain eman zaion euskaraz termino jakin bati UPV/EHUko testuetan, baina, berebat, zer ordain erabiltzen duten arloko adituek: itzulpenen begiraletza teknikoa arloan arloko adituek (unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek) gauzatzen dute, eta, testuen edukiaren zuzentasuna zaintzeaz gainera, itzul-lanetan erabilitako terminologia ikuskatu eta haren egokitasuna bermatu behar dute. Halaber, GAIKA corpusa EHUskaratuak corpus paraleloarekin lotua dagoenez, erabiltzaileak ikus eta azter dezake zer testuingurutan erabili den terminoa (baldin eta terminoa EHUskaratuak corpusean jasotako testu batetik erauzia bada).
Terminoen sorrera-hizkuntzak hiru dira (frantsesa, gaztelania eta ingelesa), eta xede-hizkuntza, bakarra (euskara). Horiek horrela, kontsulta hiru hizkuntza horietako batetik eginez gero, euskarazko ordainak besterik ez da jasoko emaitzetan; kontsulta euskaratik eginez gero, ordea, euskaraturiko testuetan hiru hizkuntza horietan diren ordainak agertuko dira emaitzetan.
Corpusa terminoz elikatzean ez dira soilik aintzat hartu sorrera-hizkuntza, arloa eta termino bakoitzari emaniko ordaina(k), baita sorrera-testua ere. Hau da, erabiltzaileak ikus dezake arloko zer eta zenbat liburutan erabili den ordain gisa emaitzetan ageri den terminoa. Hori dela eta, ordain batzuk errepikaturik ager daitezke.
Consultation interface
How to run a search
1. Bilaketa-hizkuntza aukeratu, eta, behar izanez gero, arloa ere bai.
2. Terminoa idatzi bilaketa-eremuan (“idatzi zure hitza hemen”), aukeratutako sorburu-hizkuntzan.
3. “Bilatu” botoia sakatu.
- Terminoa idatzi ahala, bilaketa-eremuaren azpian, zerrenda bat agertuko da: idatzitako sekuentzia (hitz osoa edo ez) barruan daukaten terminoen zerrenda. Aztergai dugun terminoa zerrenda horretan ere aukeratu daiteke, terminoaren gainean klik eginez.
- Terminoa, zerrendan agertzen ez bada, esan nahi du ez dagoela jasota corpusean.
- Zerrenda luzea bada, zabaltzen den leihoaren eskuinaldean, korritze-barra bat agertuko da.
Bilaketaren emaitzako informazioa
- Sorburu-terminoari buruzko informazio osagarria, parentesi artean:
- adiera desanbiguatzeko informazioa
- sinonimoak (sin.:)
- informazio gramatikala
- Xede-hizkuntza (ordain terminologikoaren hizkuntza): fr, en, es, eu
- Xede-terminoa (ordain terminologikoa)
- Ordainari buruzko informazio osagarria, parentesi artean:
- adiera desanbiguatzeko informazioa
- sinonimoak (sin.:)
- informazio gramatikala
- onartzen dituen osagarriak
- Arloa eta azpiarloa
- Liburuaren izenburua eta argitaratze-urtea
- Testuingurua (baldin eta argitalpena EHUskaratuak corpusean jasoa badago)